Ziordiko kultur batzordeak bultzatuta herri ihoteak berreskuratu zituzten inauteri larunbatean. Zomorroak, Pezkinak eta Artzainak herriko jaun-andre eta jabe izan ziren. Akaberan, agotzez betetako popina ajustiziatu zuten plazan. Pezkinak nagusi ziren, apaindutako zakuaz eta pertz batean errautsa eramaten dutelarik. Zomorroak eta Artzainak ere izan ziren. Zomorroak zuriz jantzita, aurpegia zapi edo maskara batekin estalita. Artzainak, mahoizko prakak eta koadradun atorra eta aurpegia zikinduta zuten. Zortzikoak Ziordiarrak urduri xamar zeuden, izan ere, egunero ez dira herriko inauteriak berreskuratzen. Noiz hasi, nola hasi... jantzian azkenengo ukituak eta suziriaren eztandarekin hasi zen kalejira trikiti eta panderoaren doinupean. Pezkinak errautsak botatzen joan ziren, hala ere, larunbatean egin zuen haizeteak lanean lagundu zuen. Jantzietan kalteak sortu zituen ere, ezer larri, zorionez. Baina txanoek nolanahi hegan egiten zuten. Eguraldiaren arazoei alde aurre egin, eta lehenengo gelditikora iritsi zen mozorro segizioa. Goiko iturrian borobil bat egin eta azken asteetan entseatu duten zortzikoa jendaurrera eramateko ordua iritsi zen. Ziordiko zortzikoa galdu zenez, Altsasuko zortzikoa ikasi zuten ziordiarrek eta hori egokitu dute. Hortaz, binaka joan beharrean banaka dantzatu zuten zortzikoa eta lehenengo soka-dantza egin beharrean ere banaka dantzatu zuten. Jota eta porrusalda Altsasuko modura dantzatu zuten. Akaberan soka-dantza egin zuten. Edozein ospakizunetan bezala ezin auzatea falta. Goiko iturritik ermitara bidea hartu zuten, kalejiran, mozorroak eta ikusleak segizio bakar batean batu zirela. Bertan, ermitan, bigarren zortzikoa dantzatu zuten, kasu honetan zortzikoa baino ez zuten dantzatu. Dantzatu ondoren, beste auzate bat egin zuten. Berreskuratutako inauterien azken eszena gelditzen zen. Plazan egin zuten azkenengo zortzikoa. Aurretik, agotzez betetako popina plazaren erdian egindako suterako oinarrian jarri zuten. Zortzikoa dantzatu zuten, eta soka-dantzan ari zirela popinari su eman zioten eta mozorroek inguruan dantzatu zuten herri ihotearen azken doinuak. PEZKINAK eta ERRAUTS PERTZA ZOMORROAK ARTZAIAK ZORTZIKOA DANTZATZEN POPINAREN ERRETZEA
0 Comentarios
Dejar una respuesta. |
|