Nafarroa Behereko inauteriak dira Euskal Herriko luzeenak, maiatzera arte irauten baitute. Hainbat herritan egiten diren inauteri hauetan Kabalkada izeneko desfilea da oinarri. Bertan hainbat pertsonaiak hartzen dute parte.Ezagunenak eta ikusgarrienak Bolantak dira.Nafarroa Behean dituzten pertsonaia berberak aurkituko ditugu Luzaideko konpartsan : Zaldikoak edo Zaldunak, segizioaren buruan doazen bi edo lau zaldizko, urrutien dauden baserrietara eskean joaten direnak; Cabalierra eta Cabaliersa, zaldi gainean doazen Kapitaina eta bere Emaztea; Makilaria, Danbor Nagusia -batzuetan, bat baino gehiago-, makilari biraka trebeki dantzatzen duena; Zapurrak, ahaztutako armadetako hondeatzaileak; Zigantiak, emakume itxura duten Erraldoitxoak ; Axe ta Tupina ikuskizuneko mutilak -azeriaren eta marmitaren istorioaren parodia da, biolentzia errituala agerian uzten duena-; Banderariak, Luzaideko gazteriaren bandera eta ikurrina daramatzatenak; Gorriak, diru-bilketaz arduratzen diren poltsa-zainak; Basa-Anyereak, Neskaz Jantzitako bi edo lau Mutil Gazte, aurpegia beloarekin estalita dutenak; Bolantak, segizioko kide hautatuak, talde jendetsua. Jada desagertu diren Koblari edo bertsolariaren pertsonaia eta Maska bitxiak gogoan ditu jendeak. Eta noski, ez da musikaririk falta: haizezko eta metalezko instrumentu-taldeak, esku-soinuak eta perkusioa. Guztira 50 lagunetik gora biltzen ditu konpartsak. XX. mendeko 70eko hamarkadara arte gizonezkoek bakarrik osatzen zuten taldea. Ordutik aurrera bolantekin batera joaten diren neskatoak hasi ziren parte hartzen, baina hala ere, gizonezkoen dantzek askoz pisu handiagoa dute ikuskizunean. Errege-egunaren ondoren aukeratu ohi zituzten pertsonaiak eta orduan erabakitzen zuten ikuskizunean bakoitzak izango zuen papera. Taldearen jantziek nekazari-herrietako inauterietako aldagai guztiak hartzen dituzte: animaliak, emakumez jantzitako gizonak, esperpentoak, lanbideak... Jaka gorri galoidunak, praka zuri-zuriak, zaldiketako botak, bradeburgoak, morrioiak, txakoak, larruzko mantalak, ispiluak, txapel gorriak, aizkorak, banda gurutzatuak, egurrezko ezpatak, zetazko gonak, kolorezko zintak eta bitxiz apaindutako urre koloreko alkandorak. Koloreen sinfonia osatzen dute guztiek. Luzaideko folklorearen barruan Bolant Eguna da jairik seinalatuena
Los comentarios están cerrados.
|
|