Jai Karnabalean antzinakoz eta dotore janztea ohitura da Azpeitian. Kuadrilla festazale batek ekin zion Txikiteo Eleganteari duela 42 urte.
Pertsona batek baino gehiagok galdetuko du nondik datorren Jai Karnabalean egiten den Txikiteo Elegantea, noiz ospatu zen aurrenekoz edo zer dela-eta egiten den. Gaur egun, adin guztietako herritarrak animatzen dira Azpeitiko festarik dotoreenean parte hartzera, baina inork gutxik daki nondik datorren ohitura hori. Kuadrilla "festazale eta karnabalzale" baten burutapenetik jaio zen dagoeneko tradizio bihurtu den festa. Arantxa Arregi (Azpeitia, 1944), Olatz Aranburu (Azpeitia, 1941), Maria Pilar Mendizabal (Azkoitia, 1941) eta Roxa Oiartzabal (Azpeitia, 1941) izan ziren Txikiteo Elegantearen sustatzaileak, baina "sekula" ez zuten pentsatu ohitura hura horren berezi bihurtuko zenik. Elkarrekin gogoratu dituzte sasoi hartako kontuak, nostalgiaz. Arregi, Aranburu, Mendizabal eta Oiartzabal 1981. urtean irten ziren aurrenekoz antzinako arropa dotorez jantzita Jai Karnabal eguerdian. Ordurako, karnabaletako mozorroen lehiaketan sari ugari zituzten irabazita. "Eskolan ez, baina karnabal kontutan sari asko irabazi genituen", dio Oiartzabalek. Itsasi kultur elkartearen artzain-inudeen kalejirak piztu zien elegante mozorrotzeko grina, eta ondo gogoan dute aurreneko aldia. Azaldu dutenez, Itsasik 1980. urtearen inguruan egin zuen aurrenekoz karnabaletan egin ohi duen artzain-inudeen kalejirako udal korporazioaren antzezpena. Dantza taldeko hainbat kide antzinako alkatez, apaizez, erizainez eta jauntxoz mozorrotu zen. Handik urtebetera, Itsasik Jai Karnabalean dotore janztera animatu zituen herritarrak, horretarako dei berezia eginda. "Zergatik ez?" pentsatuta, Itsasiren proposamenarekin bat egin zuten lau emakumeek. Handik urtebetera Itsasikoen deia jaso zutela kontatu du Aranburuk: "Dantza taldearekin batera artzain-inudeen kalejiran irtengo al genuen galdetu ziguten, eta gu, festazale amorratuak izanik, animatu egin ginen". Bigarren aldiaren ondotik iritsi zen hirugarrena, eta modu horretan, "konturatzerako", kuadrilla hartan ohitura bihurtu zen Jai Karnabal eguerdian dotore-dotore janztea. Domingo Elegante deitzen zioten egunari. "Itsasiko artzai-inudeekin batera kalejira egiten genuen lehenik, eta poteatzera joaten ginen gero", azaldu du Mendizabalek. Ohitura horretatik dator jaiak hartu duen izena: Txikiteo Elegantea. Josi, eta apenas erosiFesta hari ekin zioten lagunek urte luzez jarraitu zuten ohiturarekin, eta ia urtero jantzi ezberdin batekin irteten ziren kalera Jai Karnabalean. Kasik materialik erosi gabe sortzen zituzten Txikiteo Eleganterako trajeak. Horrela kontatu du Oiartzabalek: "Etxeko gortina zaharrekin, ohegaineko oihalekin eta parean harrapatutako tela zatiekin egiten genituen soinekoak. Ahizpa jostuna dut, eta hark egiten zizkidan trajeak". Nola janzten ziren gogoratu du Arregik: "Soineko ponpoxoak ziren garai hartan janzten genituenak. Gonak zabalak zein estuak ziren, eta askok bolanteak zituzten. Txaketak, berriz, estuak ziren, sorbaldetako babesekin. Era guztietako kapelak janzten genituen, baita larruzko osagarriak ere; gure amonenak eta". Antzinako arropek zaintza eskatzen dute, baina gaur egunekoek baino gehiago irauten dutela pentsatzen du Aranburuk: "Etxean dudan gona batek 150 urte ditu, eta erabilgarri dago oraindik". Mendizabalek azaldu duenez, Elegante Eguneko trajeak zein osagarriak sortu ez ezik, elkarbanatu ere egiten zituzten beraien artean. Trukatu egiten zituzten urtez urte, berrerabiltzeko. Los comentarios están cerrados.
|
|