Uitziko ezaugarrietako bat inauterien lehentasuna da: Euskal Herrian lehenengo herria da inauteriak ospatzen. Hilbeltzaren bigarren asteburuan izaten dira jai herrikoi hauek, 13 inguruan. Garai batean jende gehiago biltzen zen, fama handiagoa zutenez gero. Orain, herrikoentzat bihurtu dira egun berezi hauek. Egitaraua, normalean, berdina izaten da: Larunbata: Goizeko 9ak aldera herriko gazteak herriko elkartean elkartzen dira. Bertan, traktorea hartu eta txerritegira joan eta aurreko hilabeteetan gizentzen eduki diren txerrien artean bat aukeratzen du herriko umeren batek. Ondoren, herrira eramaten da eta elkarte atarian hil egiten da. Behin hil eta gero, herrikoen artean bazkaria egiten da elkartean. Arratsaldean, hildako txerria puskatu egiten da eta herriko elkartean gordetzen dira, urtean zehar, jaki horrekin otorduak egin ahal izateko. Gauean herri afaria egiten da, herriko gazteetatik hasi eta zaharrenetaraino. Ondoren, elkartean musika eta herrikoentzat gaupasa izaten da. Igandea: Goizeko 10ak aldera "puska biltza" egiten da etxez etxe, hau da, herriko guztiak mozorrotuta elkartu eta etxe guztietatik trikitixa eta panderetaren laguntzat pasatzen dira, emandakoa jan eta edanez. 3ak aldera, herrikoek aurreko egunean bezala, bazkari oparo bat egiten dute. Egonaldia gau arte luzatu ohi da.
0 Comentarios
Dejar una respuesta. |
|