Urdiaingo inauteriak edo ihoteak Sakanako herri horretan ospatzen dituztenak dira. "Momoxarroak" dira bertako pertsonaia nagusiak. Urdiainen 3 egunez antolatzen dituzte inauteriak: larunbatean “manta-eguna” da pertsonaia nagusia, eta igandean eta asteartean momoxarroak ateratzen dira. Makilekin ibiltzen dira kaleetatik herritarren atzetik, hauek ihesean korrika joaten direlarik. Momoxarro handiak eta txikiak ateratzen dira Urdiainera, momoxarro asko. Zigorra eskuan, "momoxarro xirrikiti xarro..." oihu egiten zietenei astindu ederrak egiten dizkieten. Inauteriak eta Santa Ageda, guztia batera ospatuko dute asteburuan. Mantaguna guna, guna, guna, zakuan kunkuna. Errepika hori behin baino gehiagotan entzunen da Urdiainen, larunbatean, Mantagunean. Arpilerazko mantak edo zakuak jantzita, ikusteko bi zulo eginda, zigorra eskuan dutela mozorrotu txikiek ingurukoak zirikatu eta berotuko dituzte. Aurten Santa Agedako ospakizunekin bat eginen du Mantagunak, eta kinto eta mozorrotu, festa polita izanen da herrian. Ihote-ospakizunek domekan izanen dute segida. Iluntzearekin batera kalean agertuko diren momoxarro txikiak izanen dira protagonistak. Askotariko itxura dute momoxarroek: ardi-narruak edo ohe-estalkiak izan ditzakete soinean, aurpegia estalita, batzuk buruan txano konikoa jantziko dute, farak dituzte, besteak beste. Zigorra eskuetan, jendea berotzeko ahalegin betean ariko dira. Haiekin batera, etxeko txikienek soinean mota guztietako mozorroak jantziko dituzte. Ondoren, txokolate-jana izanen da, plazan edo frontoian, eguraldiaren arabera. Txikien ondoren, momoxarro handiak asteartean jabetuko dira Urdiaingo kaleez. 18:00etatik aurrera kalean opatzen dituztenek haiengandik lasterka ihes egiten ez badute, zigorrarekin ederki berotuko dituzte. Are gehiago honakoa esanez gero: Momoxarro xirrikiti xarro, esportero molinero, zaia janda putza gero, arre konpañero. Aurpegiko estalkiak 20:00etan kenduko dituzte momoxarroek. Segidan, baten bat baino gehiago sorgin afarietan bilduko da. MOMOXARROAK
0 Comentarios
Dejar una respuesta. |
|